2012/07/21

Pixies ''Doolittle'' (1989)



Orain dela urte bete, jakin genuen Bernard Lenoir irrati esatariak erretiroa hartzen zuela. Frantses irrati nazionalean, milaka entzuleren musika kultura osatzen lagundu zuen John Peel frantsesa izendatua izen zenak. Tartean nerea.

1989an izan zen. Apirileko arrats arrunt bat itxuraz. Afaldu eta ganbarara igo nintzen, ohi bezala lokartu aitzineko irrati musika hitzorduari leial. Gustoko nuen saio hura kazetean grabatzea, beste nehun entzutzen ez ziren kantu horiek behin eta berriz entzuteko gisan. Gau hartan, emankizunaren hasieratik, hitzik erran gabe, Monkey Gone to Heaven kantua bota zuen Lenoir-ek. Berehala konturatu nintzen hemen zerbait ezberdina bazetorrela. Kantua eta esatariaren ondoko aurkezpena hamaika aldiz entzunen nintuen ondoko egunetan bai eta handik gutxira diskoa nereganatu ere. 

Gaur egun ere Doolittle-ren entzunaldi bakoitzak berdin alaitzen eta indar-berritzen nau.  Diskoa, maisutasun osoz eskainiak diren abesti indartsu, eder, alai eta itsaskor sorta paregabea da. Surfer Rosa-ren arrakastaren ondoren, Pixies-ek eta bereziki Black Francis-ek berriro ere lanari ekin zioten hirugarren diskoa osatzeko. Oraingoan, Gil Norton izan zuten ekoizle lanetan eta Bostondarrekin egon zen Trompe Le Monde diskoraino. Norton-ek beste dimentsio bat eman zion taldearen soinuari : Joey-ren gitarra eta Frank Black-en ahotsa nabariagoak agertzen dira hemen.

Baina Doolittle-ren indar nagusia kantuen kalitatean datza, hamabost kantuetatik bakar bat ere ez baita baztertzekoa. Izan ere, taldearen abesti enblematiko gehienak hor daude : Debaser-en freskotasuna, Tame-ren erritmika, Wave of Mutilation-en melodia, Monkey Gone to Heaven-en lelo ezaguna... Hori dena eta diskoaren erdia baizik ez dugu entzun oraindik. Ondotik datoz, Crackity Jones-en erokeri bizkorra, There Goes My Gun-en far-west giroa eta diskoa ixten duen Gouge Away harribitxia.
Bai, horiek denak eta gehiago bilduak dira disko honek irauten dituen 40 minutuetan.

Pixies ezagutzen ez duenari, lehen-lehenik Doolittle entzutea gomendatuko genioke eta neri, Bernard Lenoir eta gaurregun ere "musika ezberdinak" jartzen dituzten irrati esatariak eskertzea besterik ez zait gelditzen.

Kronika kau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko uztailaren 24an

♪♫ "Diskoteka Ideala" saioa (Euskal Irratiak) - 2008-03-26  ♫♪




Fred Berruet