2013/01/02

Bad Religion "No Control" (1989)

Orain dela 20 bat urte, Saratik ohitura handia bazen asteburuetan Nafarroako auzo herrietara joateko. Zugarramurdi, Bera eta Lesakara gehien bat. Hala nola, igande arratsaldetan, irabazi ala galdu, errugbilariak Lesakara joaten ziren, han dantzaldia antolatua baitzen garaian.

Nik igande arratsaldeak baino, ortziral edo larunbat arratsak nahiago nituen hara hurbiltzeko. Tabernetako musika giroa preziatzen nuen bereziki. Anitzetan gainera, rock kontzertuak antolatzen zituzten, hala nola Atxaspin. Amaiezina da han zuzenean ikusi ditudan euskal taldeen zerrenda : Gutariko Bat, Ama Say, Dut, Orgasmic Toothpicks, The Illusions, Sutagar, Ekintza Zuzena, Beltzez, Julio Kageta, Betagarri, Baldin Bada, Beltzez, MCD, Noise Hole, Beti Mugan... Beti han ginen, kontzerturik ez zelarik ere, giro polita izaten baitzen Atxaspin berean, baina ere Arrano, Kattu edota Ipar Haize ostatuetan.

Azken honek halako xarma berezia zeukan neretzat. Bi emazte izaten ziren barraren bertzaldean, eta nere gustoko musika jartzen zuten. Ohikoa zen adibidez, bertan Bad Religion entzutea. Erran behar da Kaliforniako banda puri-purian zegoela garaian.  Nik, Paueko Unibertsitatean ikasle nengoela ezagutu nituen, Panpi Senpereko adiskideak grabatu kasetei esker. Suffer, Against The Grain, Recipe for Hate, Stranger Than Fiction... Anitz dira punk-rockaren historia luzean, aztarna utzi duten taldearen diskoak. 
Bizkitartean, guzien artean nere kuttunena No Control da.

Ez dut ezagutzen abiadura horretan hasten den bertze diskorik. Diskoa zabaltzen duten Change of Ideas, Big Bang eta No Control kantuak metraileta baten erritmoan emanak dira. Horretaz gain, I want to conquer the world, hardcore melodikoak inoiz eman dituen abesti hoberenetan kokatzen dut. You edota Progress bezalako kantuek ere, lana ederki borobiltzen dute. Bai, 26 minutu eta 15 abestitan, No Control dinamita hutsa da.  

Euskal Herrian, aukera dexente izan dira taldea zuzenean ikusteko, baina bada gau bat bereziki gogoan dudana. Neguko oren aldaketa zekarren 1994ko iraileko gau hura, hain zuzen. Pozaren pozaz, azkenean, Bad Religion lehen aldikotz ikustera joan ginen Oiartzungo Erne aretoraino. Recipe For Hate diskoaren aurkezpen biraren barneko kontzertua zen.  Gaualdia ezinhobe hasi zen, Jingo de Lunch Alemaniarrak eta Hamlet Madrildarrekin.  Azkenean denek itxoiten genuen banda taula gainera igo zen. Eromena Ernen. Gehiegi agian. Recipe For Hate abestiaren lehen notak entzutearekin batera, musika berehala gelditu zen. Anbulantziak, suhiltzaileak... Antza, diskoteka hura ez zen punk-rockerako prestatua. B.R-en garra ez zuen jasan beti ere. Lurraren zati bat erori egin zen, jende andana bat kolpatuz. 

Geroztik halere, frustrazio hura suspertzeko aukerak izan dira, hala nola Donostian eta Iruñean eman zituzten zuzenekoetan.

Gaur egungo Lesakako giroa ez da lehengoa noski. Bertze tokietan bezala, jende guttiago ateratzen da poteatzeko. Ipar Haize ere Hego Haize bilakatu zen aspaldian. Sartu naizen azken aldian, saltsa musika jartzen zuten.  


Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2013ko urtarrilaren 8an


Fred Berruet