2007/08/31

Bad Religion "The Empire strikes first" (2004)

No Control (1989) edo Against The Grain (1990) diskoen maila lortu gabe, The Empire Strikes First-ek jarraipen ezin hobea ematen dio Bad Religionen berpiztea iragartzen zuen The Process Of Belief (2002) lanari. Disko hartan, Bret Gurewitz gitarra jole historikoa berreskuratzeaz gain, Los Angeleseko taldeak Atlantic multinazionala utzi eta Epitath zigilu mitikora itzuli zen. Lan berri honentzat 14 kantu sortu ditu inork baino hobeki menperatzen duen errezeta aplikatuz: kantatzeko era melodikoa hardcore erritmo bizi batean. Hori da Sinister Rouge, Atheist Peace, Let Them Eat War edo The Quickening bezalako abestietan ageri dena. Askorentzat baliteke disko bat gehiago izatea, baina aitortu behar da taldeak kantu bikainak egiteko gaitasun aparta duela. Horrela, Los Angeles is Burning eta All There Is kantuek singleak izateko itxura galanta dute. Gainera, Greg Graffinek gero eta hobeto kantatzen du. Hitzetan ere, Bad Religion musika estilo horretan saiatzen direnei aise nagusitzen zaie. Izan ere, hasieratik erakutsi kontzientzia politiko eta sozial zorrotzak bizirik mantentzen dute eta erraz asma daiteke zein den “lehenik jotzen duen inperio hori”. Halere, taldea buruarekin baino bihotzarekin ari da eta Sum 41-ek bezainbat disko saltzen ez badu ere, frogatzen du bertze behin ere punk rock talde hoberena dela.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet