2007/09/16

Interpol "Antics" (2004)

Orain bi urte, 80ko hamarkadako mamuz bete Turn on the Bright Lights maisu-lana atera ondoren, Interpoleko lau mutil dotoreak Antics lasaiago baina eraginkorrarekin itzuli dira. Disko berria Next Exit eztiarekin hasten da baina Evil bigarren kanturako, ekaitzak eztanda egiten du. Bagenekien Interpolekoak horrelakoak egiteko gai zirela, kontzertu ilun eta inspiratuetan eskaini ohi duten gitarra erasokorren uholdeak behin eta berriz frogatu bezala. Halere, hurbiletik entzunez, badirudi kantuak doi bat lasaitu direla. Horrela, NARC mozkorgarri eta zirraragarrian, edo jarraitzen dion Take You on a Cruise-en, lehengo harrokeriek adierazpen xumeago eta bareagoei tokia egiten diete, hori bai, lizunkeriarik eta eraginkortasunik galdu gabe. Slow Hands harribitxian bezala, Interpol deiadarka ari da, gauza berria ez bada ere. Alabaina, Antics-ek besteen musikaren bilduma zoragarria dirudi. Han-hemenka, Bowie, The Fall edo Joy Division-en itzala dauka… Inguma ingelesek New Yorkeko karrikak sorginduko balituzte bezala.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet