2007/09/19

Mickey 3D "Matador" (2005)

Bere azken biran, Mickey 3D frantses taldeak bere kontzertuak The Beatles-en kantu ezezagun baina bizi batekin bukatzen zituen (I Saw Her Standing There). Saint Etienne aldeko laukoteak Pixies-en antza galanta hartzen zuen orduan. Eta hori nahi genuen aurkitu Matador lan berrian: talde airosa eta ausarta, pop(eroa) eta erradikala momentu berean. Egia erran, lehen itxaropenak zapuzten dira Rodéo lehen abesti motelarekin, baina berehala berpizten Matador irringarri eta ernearekin, PIL oroitarazten duen disco-punk erritmoa eta akordeoi-pop bukaera guztiz erakargarriak direlarik. Erabateko doinu askapena berantago iristen da ordea, diskoaren erdian, Il faut toujours viser la tête zorrotzarekin eta Compte pas sur moi edota Les Mots abestien gitarra sutsuekin. Bat-batekotasun horrek halako haize fresko bat ematen dio frantses musika eszenari. Eta hori zinez txalogarria da, aitzinetik jadanik hiru disko grabatu eta dozenaka sari ofizial lortu dituen talde batentzat. Mickey 3D-ek bere bidea lasai segi zezakeen arriskurik hartu gabe. Baina ez. Elektrikoa izan ala poperoa, Matador-eko kantu bakoitzak singlea izateko osagai guziak dauzka ohiko cliché-etarik urrun.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet