2007/08/21

Sonic Youth "Sonic nurse" (2004)

Badu kasik 25 urte Sonic Youth pozoia sartzen ari dela poparen zainetan. 1988an Daydream Nation maisu lana atera zuenetik gainera, bere kargua ezin hobeki betetzen du, urtero dosi berri bat gehituz. Arnoetan bezala, gaur egungo Sonic Youthen diskoetan urte onak eta bertze batzuk txarragoak badira. Hori bai, disko bakoitzak taldearen unibertso bereziarekin bat egiteko parada eskaintzen du. Murray Street ilunaren ondotik, zalantzarik ez, Sonic Nurse taldearen lan inspiratuetan kokatzen da. Hamar kantu berrietan zehar, –gehienek 6 minutu baino gehiago irauten dute– taldeak melodiak ederki irensten ditu, entzulea noisy giroan oraino hobeki murgiltzeko. Lee Ranaldo eta Thurston Moore gitarra joleen lan paregabeari esker, diskoak 70. hamarkadako rock klasikoaren soinua dauka. Ohi den bezala, kantuak beteak eta konplexuak dira, baina era berean lehen baino egituratuagoak ere, sekula baino erosoago ari den talde baten indar guzia erakutsiz. Lan berriaz bestalde, Corporate Ghost taldeari buruzko DVD aberatsa karrikaratu da. Bertan bideo-klipak, elkarrizketak, zuzeneko emanaldiak eta bertze erreportaje batzuk agertzen dira. Pixies-en antzera Sonic Youthek banatu beharko ote du, egun batean merezi duen arreta lortzeko ? Pena litzateke...

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet