2007/08/17

Zenzile "Living in monochrome" (2007)

Harrigarria bada ere, oraingoan ezinezkoa izanen da Zenzile taldeari frantses dub talde hoberenaren saria eskaintzea. Duela hilabete batzu jadanik hasi ziren dub-etik urrunago joaten Sound System moduan agertuz, edo hip-hop aldera joz ”Metà Metà” EP-an adibidez. Bosgarren lan honetan, aitzineko diskoetan susmatzen genuen taldearen alderik rockeroena argiki agertzen da. Post-punk, funk edo cold wave doinuen eragina nabarmena da eta Gang Of Four, Jesus Lizard edota The Ex ez dira urrun… Hori bai, ahotsek betiko tokia daukate. Gomitatu ezberdinen artean, aspaldi entzun gabe genuen Tricky ezagut daiteke erritmika elektro-funkeko « Reflection » abestian. Bainan ez pentsa Frantziarrek erdipurdiko lana ezkutatzen dutenik gomitatu ospetsu batzuen atzean. Disko honetako zati instrumentalak taldeak sekula egin dituen hoberenetan koka daitezke. Lana «Still Can’t Sleep» instrumentalarekin irekitzen da. Fugazi zaleek preziatuko duten erritmika tenkatu bat lagun. Bestalde, «Offshore» eta «Last Drink On Earth» zatiek aurreko diskoko « Mafate » kantu zoragarrian agertzen zen rock organiko hori erakusten dute Pink Floyd baten antzera. ‘Living in monochrome’ honekin dub-aren erregeek beren koroak utziko dituzte, baina bide berriak etengabe urratuz, Zenzilek aparteko taldea izaten jarraitzen du. Nortasun handiko taldea.
Biarritzeko Atabal gelan ikusgai urriaren 12an. http://www.zenzile.com/

Fred Berruet