2014/06/22

Bad Religion "True North" (2013)

Aitortzen dut disko honek ustegabean harrapatu nauela. Izan ere, taldearen haria arras galdurik, punk rock kaliforniarraren maisuek beren kitarrak altxatuak zituztelakoan nengoen. 
Epitath disketxe mitikoarekin argitaratu True North hau, Bad Religion-en 16. estudioko lana da. Taldearen betiko soinua kausitzen da hemen. Sentsazio bitxia da hainbeste urteren buruan, hain aldaketa gutxi ikustea eta denbora berean izigarri pozgarria beren estiloari oraindik eusten diotela entzutea. Koru melodikoak, gogoan atxikitzen diren leloak, erritmo hauste paregabeak, kitar soinu nahastezina. Errezeta betikoa da, eta berant datozenek ez dute zailtasun izpirik izanen trena harrapatzeko.
Kantuen gaiak ere ez dira anitz aldatu. Estatu Batuetako gobernua, kristautasuna... Borroka ez da amaitu eta mutil hauek ez dira etsitzekotan. Hainbeste urteren ondotik, oraingoan ere, 16 abesti berri horietatik batzu, taldearen kantu klasikoen zerrenda luzea osatzera joanen dira. Ez da kasualitatea.

Fred Berruet
(Kronika hau 2013ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)